Bigarren Hezkuntzako oposaketetan arrakasta izateko, Euskal Autonomia Erkidegoan momentuan indarrean dagoen Hezkuntza Markoa eta Curriculuma ezagutzea ezinbestekoa da. Nola lortu bi esparru horiei buruzko informazio laburtua? Hezkuntza-Sailak horren inguruko hainbat galdera erantzuten ditu bere webgunean. Hona hemen horitako batzuk:

Zer da Heziberri 2020 plana?

Heziberri 2020 gure hezkuntza-sistema hobetzeko garatutako plana da. Bere garapenerako hiru gauza hartu dira kontutan:

  • Europako Kontseiluak hezkuntza eta prestakuntzari buruz 2020rako finkatu zituen ildo estrategikoak
  •  XXI. menderako hezkuntzari buruzko Nazioarteko Batzordeak UNESCOri Jacques Delorsek egindako txostena (“Hezkuntza: altxor ezkutua”).
  • Euskal hezkuntza-sistemak Heziberri 2020 idazten hasi zen arte (2013-2015) lortutako emaitzak.

jacques delors heziberri 2020

Heziberri 2020 dela eta, baztertu behar da hezkuntza arloan orain arte egindako lana? 

Ez, Heziberri 2020 planak hezkuntza-sistema hobetzea du helburu, bikaintasuna bilatuz eta orain arte egindako bide luzea eta emankorrean oinarritzen da.

Zertan oinarritzen da Heziberri 2020 markoak definitzen duen hezkuntza-sistema?

Konpetentzietan oinarritzen da.

  • Oinarrizko zehar-konpetentzietan:
    • Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia
    • Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia
    • Elkarbizitzarako konpetentzia
    • Ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia
    • Izaten ikasteko konpetentzia
  • Diziplina baitako konpetentzietan:
    • Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia
    • Matematikarako konpetentzia
    • Zientziarako konpetentzia
    • Konpetentzia teknologikoa
    • Gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia
    • Konpetentzia artistikoa
    • Konpetentzia motorra

Heziberri 2020 planak planteatzen duen proposamen curricularra malgua eta irekia da. Zer esan nahi du horrek?

Ikastetxeen autonomia pedagogikoa bultzatzen dela eta bakoitzak lorpen-adierazleak eta edukiak bere Hezkuntza-Proiektura, bere Curriculum-Proiektura eta bere ikasleen ezaugarrietara egokituko dituela, beti ere ikasleen oinarrizko irteera profila bermatuz.

Heziberri 2020 planako curriculum dekretuetan ikasleen bereizketa goiztiarra planteatzen da?

Ez, Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean ikasle guztiek irteera profil berbera izan behar dute bidean hautazko ikasgai ezberdinak ikasi badituzte ere.

Estatu mailan LOMCE indargabetuko dela aurreikusten da. Zer gertatuko da Heziberri 2020 planaren curriculum dekretuekin?

Heziberri 2020 plana gure hezkuntza-sistemaren hobekuntzarako jaio zen eta dekretuak baliogarriak izango dira oinarrizko legea oraingoa zein beste bat izan.

Zein da Heziberri 2020 planako hezkuntza eredu pedagogikoan eta curriculum dekretuetan hizkuntzen inguruan egiten den planteamendua?

EAEko bi hizkuntza ofizialen erabilera sozialaren desoreka konpentsatzeko eta elebitasuna sendotzeko, Euskarak lehentasunezko tratua izango du. Gainera, ikastetxe bakoitzak bere Hizkuntza Proiektua eta Curriculum Proiektua ikasleen eta haien ingurunearen baldintza soziolinguistikoen arabera egokitzeko aukera du, beti ere ikasleen irteera profila errespetatuz. Metodologiari dagokionez, hizkuntzen trataera integratua eta integrala proposatzen da.

Zein da Heziberri 2020 planaren barruan aniztasunari erantzuteko planteamendua?

Inguru normalizatu eta inklusiboan ikasle guztien oinarrizko konpetentzien garapen gorena lortzea du helburu. Hori dela eta, berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleak garaiz hautemateko mekanismoak ezartzen dira, aniztasunaren trataerarako neurriak indartuz. 

Zenbaterainoko autonomia izan dezakete ikastetxeek Heziberri 2020 planarekin? 

Ikastetxeek, irakaskuntza-prozesuak eta ikasleen emaitzak hobetzeko asmoz, Autonomia-Proiektu bat aurkeztu dezakete. Bertan, esparru pedagogikoan eta curriculumean hartutako erabaki bereizgarriak jasoko dira, bai eta antolaketan, kudeaketa ekonomikoan eta langile-kudeaketan hartu beharrekoak ere

Zer ebaluazio mota planteatzen da Heziberri 2020 planaren curriculum dekretuetan?

Barneko ebaluazioaz aparte, kanpoko ebaluazio diagnostikoak planteatzen dira, bai Lehen Hezkuntzan, bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere. Ebaluazio horiek ez dute eragin akademikorik izango eta ikastetxeentzat lagungarriak eta orientagarriak izango dira. Ebaluazioaren helburua hobekuntza-proposamenak planteatzea eta garatzea da.